WATERPOLOA EUSKARAZ BIZI! (WEB!) Egitasmoak waterpoloan euskararen erabilera sustatzeko tresnak eskaini nahi dizkizue: alde batetik, kirol honetan ohikoak diren hitzak eta esamoldeak dakartzan hiztegia, eta bestetik, waterpoloaren oinarrizko kontzeptuak argitzeko eskuliburua.
Leioako Konpromiso Liburuan, zeina 2016ko udaberrian sinatu zen, Leioa Waterpolok euskararen normalizazioan eragiteko konpromisoak hartu zituen. Une hartatik aurrera, taldekide batzuek hausnarketa-prozesua hasi zuten. Gogoeta horren helburua zen gerora euskararen erabilera sustatzea, alegia, klubaren egunerokoan euskara normalizatzeko ekintzak antzematea.
Klubaren jarduerarik ohikoena entrenamenduak dira; beraz, entrenamenduak euskaldundu behar genituen. Horrek eskatzen zigun taldearen hizkuntza-portaera aldatzea eta, burutu ahal izateko, tresnak bilatu behar genituen. Bilaketa horretan, baina, ohartu ginen ez dagoela waterpolorako euskal hizkera bateraturik. Hala, guk geuk sortu beharko genituen tresnak.
|